Haur belaunaldi askotariko aurpegi eta ahots guztiz ezaguna, baita gure Pirinioko neska-muttikoentzat ere. Beti irrifarretsu, kanta batekin motxilan, ume guztion lagun alaia… 1987 urtean sortu zen pailazo-hirukoteko partaidea izan da. Gaur egunean, Pirritx & MariMotots bidelagun eta, lehendabiziko bi hamarkadetan Takolorekin, besteak beste. Joxe Mari Agirretxek, Porrotx, hitza dauka,Katxiporreta!!
Xabier Díaz-Esarte
Aurpegi “serioa” dio izenburuak, baina… Porrotx eta Joxe Mari bat eta bera al dira? Zer nolako eragin dauka bakoitzak bestearengan?
Porrotx jaio zenean Joxemarik eman zion bere ibilera, bere hizkera, bere nortasuna… baina hazten joan ahala bere izaera propioa osatzen joan zen Porrotx eta poliki poliki Joxemarirengan bere arrastoa uzten hasi zen. Zeharka begiratzen zion Joxemarik Porrotxi, besarkadak, musuak, hitz politak haurrekin eta haien gurasoekin nola partekatzen zituen ikusiz liluratuta. Horrela hasi zen Joxemari ere bere samurtasuna sakontzen eta partekatzen inguratzen zutenekin. Gaur egun batak zein besteak elkarrekin sentitzen, pentsatzen eta ekiten dute. Bat dira eta zoriontsu elkarrekin. Esango nuke denok dugula sudurgorri bat gure baitan eta hari entzun eta harekin bat egitea ederra da.
Nolakoa da XXI. mendeko pailazo baten zeregina? Zertan aldatu da? Gizartean pil-pilean dauden gaiak jorratzen dituzue, egin daiteke umore edozein egoerataz? Ba al da umore propiorik umeentzat?
Mundu itsusia bizi dugu egun. Munduko handimandiek gerrak egiten dituzte non nahi, lurraldeak okupatu, ondasunak lapurtu eta miloika pertsona oinarrizko eskubide gabe bizitzera kondenatu. Naturak, basoek edo denetariko izakiek pairatzen dute nagusikeri hori ere. Erreakzionatu behar dugu, beste mundu bat eraiki, denona eta denontzat izango dena. Guk sudur gorria aukeratu dugu eraldaketarako bitarteko gisa. Irriak, kantuak, dantzak eta sortutako istorioak dira gure “arma” eta urte guztiotan eraginkorra dela frogatu dugu. Edozer landu daiteke sudur gorritik, izan natura, kultura, bizikidetza, gaixotasuna, heriotza… eta nola ez, amesten dugun koloretako mundua. Euskaratik eta euskaraz egiten dugu gainera, guretik munduari gure onena emanez.
Umeen ilusioak bere betiko horretan jarraitzen al du? Ze nolako aldaketak nabarmentzen dituzue ikusle ttipiengan? Nola moldatu zarete erronka berri horietara?
Urteak aurrera doazen heinean inguratzen gaituen munduak aldaketa handiak izan ditu. Orain dela gutxi arte ezer gutxirekin eta naturak eskaintzen zigunarekin jolasten ginen. Irudimena zen nagusi. Gaur egun teknologia eta globalizazioa tarteko denetariko bitarteko materialak eta estimuluak inguraturik bizi gara. Hauek gainera askotan ez datoz bat gure balioekin. Honek ahalegin handiago bat eskatzen digu herri eta komunitate bezala justizian, hezkidetzan, askatasunean, bakean, bizikidetzan… hezteko eta hazteko. Haurrak aldatu dira? Esango nuke ezetz. Ingurua aldatu da. Haurrak jarraitzen dute jolastiak, irudimentsuak, alaiak… izaten eta komunitatetik elkarrekin dagokigu herri hezitzaileak eraiki eta garai berriei erantzun kolektiboak ematea.
Beti prest kausa desberdinetan zuen elkartasuna adierazteko. Holako jarrera konprometituak polemiketan sartu zaituzte ere.
Euskaldunak izokinak gara, korrontearen kontra igerian, saltoka eta hegan gure hizkuntzan eta balioetan bizi ahal izateko. Menpean nahi gaituzten bi estatuen artean bizi gara, natural bizitzen oztopatzen digutenak. Nekeza da normaltasunez bizi nahi izateagatik borrokatu behar izatea. Baina horrek ere ematen digu enpatia bat gu bezala hertzekoak eta txikiak direnekiko. Horregatik da hain ederra gure kultura, koloretako mundu bati kantatzen eta dantzatzen diolako. Polemikak eta jazarpenak maite ez gaituztenek eragiten dizkigute, guri eta gu bezalako izokin bihurrioi. Horren jakitun gara eta irribarre batez… aurrera!
Atzoko umeak gaurko pertsona helduak dira, asko eta asko guraso berriak…. Zer erranen zenieke?
Haur eskuzabalak nahi ditugu, autonomoak, kritikoak, eraldatzaileak, enpatikoak, euskaldunak… eta guzti hori esanez baino ekinez transmititzen da. Heziketa bizipenak dira, konpromisoa, aportazioa komunitatean, auzolana eta ekintza. Hori da transmisioa, bizipenak hitzetatik haratago. Esaten duguna baino garena erakutsiko diegu gure haurrei eta hau dena haurrekin batera egingo dugu. Hitz egiteko, hausnartzeko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko espazioak eta denbora hartu behar ditugu etxean, eskolan eta herrian adin mugarik gabe. Eta konpromisoak elkarrekin gauzatu behar ditugu bakoitzak bere ahalmenaren arabera. Denok daukagu zer eman eta zer jaso, zer irakatsi eta zer ikasi.
Emakume ugari ari dira pailazo-eremutan, sudur gorri mugimendu hori, baita zuen taldean ere (Pirritx/ Aiora eta MariMotots/Mertxe).
Egun batetarako jaio ginen orain dela 37 urte Olentzero jaialdi batean eta mutilak ginen hirurak. Baina bigarren aldia etorri zen, eta hirugarrena, eta… egun batetarako zena abentura luzea bilakatu zen gero. Berehala konturatu ginen eredu ere baginela: izan hitzak (“Katxiporreta!”, “Kutxi kutxi marilutxi”, “txorizo planplona!”…), izan ekintzak (malabarismo eginez arraultzak puskatu sukaldean,…), esaten genuena eta egiten genuena errepikatzen zuten haurrek gero. Horregatik hasi ginen hausnartzen eta zaintzen garena eta egiten duguna. Eta horregatik jaio ziren Pirritx, Marimotots eta beste hainbat pertsonaia, gaur egun gure izatearen ezinbesteko parte direnak. Denok dugu eragiteko gaitasuna, gure txikitik mundua aldatzearena, etxeko sukaldetik hasita… eta indar hori, handi zein txiki, kontzienteki erabiltzeko hautua egiten dugu. Denon esku dago inguratzen gaituena hobetzea.
Zure lanaz aparte zein beste zaletasunak dituzu?
Etxekoekin eta lagunekin egotea maite dut, eguneroko egiteko eta ardura xumeenak partekatuta. Tertulian aritzea, baratza lantzea, txakurrekin mendira joatea, bazkari bat partekatzea, familian eta lagunartean amestea eta konspiratzea… maite ditut.
Eta herrigintzan aritzea, Xumela koruan astelehenero kantatzea, Borobilean elkartearekin tertuliak antolatzea, euskara taldean laguntzea, politika herrikoietan inplikatzea, komunitatean amestea eta konspiratzea… maite ditut.
Aspaldiko partez gure ibarretara gerturatzen (Erronkari, Erroibarra, Zaraitzu, Aezkoa…) oroimenen baten bat?
Miresgarria eta eredugarria iruditzen zait euskalduntzen eta komunitatea garatzen eta sendotzen Nafarroako mendialdean azken urte luzeetan egiten ari zareten lana. Behetik gora eta zeharka. Betirako gogoratuko ditut euskarazko ereduen alde lanean aritutako irakasleak eta guraso konprometituak. Gau eskoletan ere heldu askok ahalegin handia egin dute euskalduntzen. Harrigarria da egindako lana eta esfortzua. Merezitakoa jasotako ordaina. Asko dago egiteko hala ere eta horretan ari zarete. Iruditzen zait eskola orduz kanpoko aisiari jarri behar zaiola arreta. Eskolan eta etxean ikasitakoari jarraipena eman behar zaio kalean. Zuenera joaten garen aldiro pozik eta indar berrituta itzultzen gara etxera Panpoxa gure furgonetan. Zorion iturri zarete eta maite zaituztegu!!!