Klima-aldaketa gure garaiko erronka handienetako bat da. Haren arrazoiak askotarikoak eta maila desberdinetakoak badira ere —industria-jarduera, energia-kontsumoa edo gure eguneroko ohiturak, besteak beste—, ondorioak gero eta argiago ikusten dira tokian bertan: klimaren aldaketak, muturreko fenomeno meteorologikoak, ekosistemetan eraginak edo herrietako eguneroko bizitzan sortzen diren arazoak.
Egoera honen aurrean, udalek zeregin garrantzitsua dute. Tokiko administrazioek neurriak har ditzakete klima-aldaketaren arrazoiak murrizteko, baina baita lurraldean eta biztanlerian izan ditzakeen ondorioetara egokitzeko ere.
Helburu horrekin sortu zen Europan Energia eta Klimaren aldeko Alkateen Ituna izeneko ekimena. Udalek borondatez egin dezakete bat ekimen honekin, eta horrela, ekintza-plan bat prestatzeko eta martxan jartzeko konpromisoa hartzen dute. Plan horrek hiru ardatz nagusi lantzen ditu:
- berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea,
- udalerria klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea,
- eta energia-pobrezia murriztea, fenomeno horren ondorioetako bat baita.
Azken urteotan Nafarroan, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusia erakundeak, NASUVINSA sozietate publikoaren eta Lursarea programaren laguntzarekin, udalerrien ekintza-plan hauek eskualdeka lantzen ari da. Horrela, udalerri desberdinek elkarrekin lan egin dezakete, baliabideak partekatu eta lurraldearen errealitatera egokitutako irtenbideak proposatzeko.
Orain Nafarroako Pirinioetako udalerrientzako Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planak (PACES) idazteko prozesua hasiko da, eta Alkateen Itunaren ekimenari atxikita dauden eskualdeko udalerri hauek hartuko dute parte: Burguete, Burgui, Erro, Ezcároz, Esparza de Salazar, Garde, Garralda, Isaba, Jaurrieta, Luzaide/Valcarlos, Orbaizeta, Oronz, Otsagabia, Roncal eta Uztarroz.
Plan hauek benetan eskualdearen errealitatera egokitzeko, ezinbestekoa da herritarren iritzia eta egoera ezagutzea. Horregatik, herritarrei zuzendutako inkesta labur bat prestatu da.
Inkesta online bete daiteke, 5 minutu inguru irauten du eta ez da beharrezkoa ezagutza teknikorik izatea. Gainera, anonimoa da, eta emaitzak proiektuaren plangintzarako soilik erabiliko dira.
Zure parte-hartzea oso garrantzitsua da. Erantzunek gure herrietako beharrak, kezkak eta aukerak identifikatzen lagunduko dute, eta etorkizunean udalerri jasangarriagoak eta klima-aldaketaren aurrean prestatuagoak eraikitzen.
Eskualdeko udalerri hauetako batean bizi bazara, animatu parte hartzera eta zure iritzia ematera. Denon artean gure herrien etorkizuneko ekintzak definitzen lagun dezakegu.
Inkestara sar zaitezke ondorengo estekan sakatuz:

