Sorogain, 2026ko ekainaren 29a. Sorogainek hartu du gaur Kintoa All-Mountain Race by Sisnet lasterketaren lehen edizioaren aurkezpen ofiziala. Nafar Basoak eta Irati-Orreaga turismo elkarteek sustatutako mountain bike proba berria da, eta datorren irailaren 12an eta 13an Quinto Real ingurua zeharkatuko du, Erroibar eta Esteribar lotuz.
Aurkezpenean Erroibar eta Esteribarko udaletako ordezkariak, Aurizberriko Kontzejuko ordezkaria, Nafarroako Gobernuko ordezkariak, enpresa babesle eta laguntzaileak nahiz komunikabideetako ordezkariak bildu dira. Bertan, kirola, natura eta lurraldearen sustapena uztartzen dituen proiektuaren helburuak eta izaera aurkeztu dira.
"Badira ideia batetik sortzen diren proiektuak, eta badira lurralde batetik sortzen direnak." Ideia horren inguruan aurkeztu da ekimen hau, Kintoa lurraldeko bidezidor-sarea, natura-ondarea eta nortasuna balioan jartzea helburu duena, kirola, turismoa, ekonomia eta tokiko garapenaren aldeko tresna bihurtuz.
Kintoa All-Mountain Race by Sisnet bi etapatan banatuko da, Kintoa mendigunea zeharkatuz. Lehenengo etapak Eugi eta Aurizberri lotuko ditu; bigarrenak, berriz, Aurizberritik abiatu eta Zubirin amaituko da. Etapa bakoitzak 45 km inguruko ibilbidea eta 2.000 metro inguruko desnibel positiboa izanen ditu. Ibilbideak erronka tekniko eta fisikoa eskainiko die parte-hartzaileei, lurraldeko bidezidor eta paisaia ikusgarrienetako batzuk ezagutzeko aukera emanez.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lasterketak gehienez 150 parte-hartzaile izanen ditu, eta izena emateko epea ireki zenetik interes handia piztu du. Gaur egun 125 txirrindularik eman dute izena, beraz, 25 plaza baino ez dira geratzen libre. Ekitaldiari buruzko informazio guztia eta izena emateko aukera https://kintoamountains.com/ webgunean daude eskuragarri.
Aurkezpenean lehen edizio hau posible egiten duten enpresa babesle eta laguntzaileak ere aurkeztu dira. Sisnet da babesle nagusia, eta harekin batera Unsain, Nafarroako Rural Kutxa, Cycla Bikes, Orbea, 226ERS eta Urrobi Kanpina daude proiektuaren alde. Erakunde, administrazio eta enpresen arteko lankidetzatik sortutako ekimena da, turismo aktibo eta jasangarriaren alde egiteko, lurraldean eragin ekonomikoa sortzeko eta bertako natura eta turismo-baliabideei ikusgarritasuna emateko.
Antolakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkie Erroibar eta Esteribarko udaletako eta Nafar Gobernuko ordezkari instituzionalei, baita hasieratik proiektu honetan sinetsi duten enpresa babesle eta laguntzaile guztiei ere, emandako babesa eta konfiantzagatik.
Aurkezpen honekin ofizialki abiatu da atzerako kontaketa. Datorren irailaren 12an eta 13an, Kintoa All-Mountain Race by Sisnet lasterketak Erroibar eta Esteribar mountainbikearen erreferente bihurtuko ditu, parte-hartzaileei eta bisitariei bertako bidezidorrak, paisaiak, ondarea eta herritarren harrera gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.

