Duela urte batzuk, denok dakizuen bezala, Irati Irratiak emititzeari utzi zion hainbat arrazoiengatik. Garaian arrakasta lortu zuen eraikitako programazio eta emanaldi erakargarriari esker. Hau da, gaurkotasuneko berriak (herriz herri zeuden laguntzaileek emanak), filosofiari buruzko hausnarketak, nekazaritzari buruzko eztabaidak… Baina azken denboraldi hauetan berriro bueltatzeko asmoa du inoiz baino asmo eta indar handiagoarekin.
Lehen hartutako kobertura itxia zabaltzeko asmoa du, Luzaide, Auritz, Erroibar eta Aurizberri herrietara heltzeko asmoarekin. Baldintza batzuk kontutan hartuz, subentzio bat jasoko du kobertura hedapena gauzatzeko, nahiz eta euskal komunikabide libreek euren denboraldi hoberena ez bizi.
Komunikabide hau berpizteko, hainbat gutun bidaliak izan ziren etxeetara joan den azaroaren 14an biltzarra egiteko asmoarekin. Bilkura hartan espero baino jende gutxiago izan zen, baina hala ere elkarteko junta osatu zen, Nagore Goibururen lehendakaritzapean.
Aipatutako subentzioa jasotzeko baldintza bat langile bat bilatzea zen. Horretarako, herrietan zehar lan eskaintza honen berri eman zen. Azaroaren 28an jasotako kurrikulumekin bilkura bat egitea pentsatu zen, baina honek ere arrakasta gutxi eduki zuen. Azkenean, Karmele Galarzak lan postua betetzea erabaki zuen.
Irati Elkartean 120 harpidedun baino gehiago daude. Hauek hiru hilabetero 15 euro pagatzen dituzte eta langabetu eta ikasleek 10 euro hiru hilabetero. Euren laguntzari esker komunikabide libre honen biziraupenari bultzada bat ematen zaio.
Eguberriko garaiak iritsita, bizpahiru saski banatu dira herrietan zehar. Saskien zozketa abenduaren 31ean egingo da Irratiak egindako emanaldi berezi batean. Artikulu honen bitartez, Irati Irratiak eskerrak eman nahi dizkie saskien osaketan lagundu dutenei: Etxenike, Martiko, Ttakun, Biltoki70, Erburu ogintegia, Espinal ogintegia, Errotaberri, Benta Irati, Orbaizetako supermerkatua, Pirripi kontsumo arduratsu taldea, Oihana, Nagore denda, Benta Berri, Mendikoa, Xankoi eta beste.
Irati Irratiak ahalbidetuko du gure inguruan gertatzen denaren berri ematea. Baina komunikabide honetan, entzulea ez da pasiboa izango, eskeinitako programazioari esker irratiaren atzean egongo denak bertan parte hartzeko eskubidea izango du. Parte hartze ekintza hau hainbat modutan aurrera eramaten ahalko da, adibidez: irratira deituz, galderak eginez, iritziak azalduz edo zuen inguruan gertatzen denaren berri emanez. Modu berean, programazioaren sorkuntza denon esku egongo da. Edozeinek emanaldi bat eraikitzen ahalko du, juntaren adostasuna lortu ondoren. Aukera paregabea da zuek nahi duzuena adierazteko.
Beraz, zuen proposamenak bidali Irratiaren e-postara: irati.elkatea@gmail.com. Zuen ideien zain daude. Denok gure esku jarri behar dugu komunikabide baten erakarpenaz disfrutatzeko.
Hedabide hau etxeetara ailegatuz, herrien arteko elkartasun giroa eta batez ere aisialdia pasatzeko entretenimendu bihurtuko da, komunikabide batek bizia ematen duelako. Baina, horretarako zuen parte hartzea behar dugu, anima zaitezte eta bat egin proiektuarekin, 107.7 sintonizatuz. Entzun eta zabaldu.