Herritarrak Artatzeko Nafarroako Gobernuaren Bulegoak 4.500 pertsona artatu ditu lehen funtzionamendu-urtean

31/03/2026

Herritarrak Artatzeko Nafarroako Gobernuaren Bulegoak 4.500 pertsona artatu ditu lehen funtzionamendu-urtean

Herritarrak Artatzeko Nafarroako Gobernuaren Bulego Mugikorrak 4.500 pertsona inguru artatu ditu lehen urtean, Foru Komunitateko 60 bat herritan izan ondoren. Ekimena batez ere 20.000 biztanletik beherako udalerriei zuzenduta dago, eta funtsezko tresna bihurtu da zerbitzu publikoak landa-eremuetara gerturatzeko eta Administrazio hurbilagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa izateko.

Lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilaria den Javier Remirez Erronkarin izan da astearte honetan, Bulego Mugikorrak bertan zerbitzua emango baitu aste honetan, baliabide horren lehen urteurrena dela-eta.

Remirezek nabarmendu duenez, “Bulego Mugikorrak argi erakusten du Nafarroako Gobernuak lurralde-kohesioarekin eta aukera-berdintasunarekin duen konpromisoa, edozein lekutan bizi zarela ere, Foru Administrazioa herri bakoitzaren erdira eramateko aukera ematen baitigu, herriko plazaraino”. Ildo horretan, baliabide ibiltari horrek “lurralde-arrakala eta arrakala digitala murrizteko, Administrazioarekiko harremana errazteko eta zerbitzu publikoak Nafarroako txoko guztietara iristea bermatzeko aukera ematen du”.

Bisitan, harekin batera izan dira honako hauek: Joseba Asiain, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia; Amparo Viñuales, Erronkariko Ibarreko Batzar Nagusiko lehendakaria eta udalerriko alkatea; Toya Bernad, NASERTIC sozietate publikoko Berrikuntza, Komunikazio eta Herritarren Arretarako zuzendaria; eta Leticia Gurpegui, Herritarren Arretarako koordinatzailea, proiektuaren garapenean inplikatutako teknikariekin batera.

Hamabi hilabete horietan, guztira 4.500 pertsonak erabili dute zerbitzua (2.542 emakume eta 1.958 gizon), adin-tarte guztietakoak: 0-18 urte arteko 100 pertsona, 19-30 urte arteko 306, 31-45 urte arteko 1.282, 46-65 urte arteko, 1.477 eta 65 urtetik gorako 1.335.

Denboraldi horretan, pertsona horiek guztira 5.941 kudeaketa egin dituzte: 1.203 erabiltzailearen gailuan ziurtagiri digitala gaitzeko prozesu osoko laguntzak izan dira (aplikazio jaisten dutenetik, eskaera, egiaztatzea eta ziurtagiri digitala bera deskargatu arte); ziurtagiri digitalaren 183 akreditazio; Cl@veren 1.637 akreditazio; online izapideetako 591 laguntza; 2.054 laguntza informazio-eskaerak ebazteko; eta 273 erregistro.

Zerbitzua NASERTICek kudeatzen du, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Aliantzarako I. Ekintza Planean kokatzen da. Azken hamabi hilabete horietan zehar, Bulego Mugikorra Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak (herritarren arretan) ez ezik, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak eta Toki Administrazio eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak – Nafar Lansarek (NEZ-NL) ere erabili dute, eta enplegu, laguntza, lanbide-orientazio, etxebizitza eta Despopulazioaren Estrategiarekin loturiko zerbitzuen inguruko arreta espezializatua eskaini dute.

Datozen hilabeteetara begira, Bulego Mugikorrak funtzio gehiago eskainiko ditu, Nafarroako Foru Ogasunaren Errenta Kanpaina sartuko baita. Esperientzia pilotua Zangozan hasiko da, apirilaren 27tik maiatzaren 15era bitartean. Ondoren, San Adrianera eramango da, maiatzaren 18tik ekainaren 5era bitartean, eta Altsasun amaituko da, ekainaren 8tik 25era.
Bulego Mugikorra %100 irisgarria da, eta honako baliabide hauek ditu: indukzio magnetikoko begizta, seinale egokituak, mugikortasun murriztuko pertsonak sartzeko plataforma eta pertsona guztientzako arreta berdintasun-baldintzetan bermatzeko beste elementu batzuk.

Zerbitzuaren balorazio oso ona

Bulego Mugikorrera joaten diren herritarrek oso positibotzat jotzen dute zerbitzua inkestetan, batez beste 5etik 4,8ko puntuazioa lortu baita. Gehien baloratu diren alderdien artean, tratuaren hurbiltasuna eta izapideak herritik kanpo joan beharrik gabe ebazteko aukera aurkitzen dira; azken hori, gainera, 65 urtetik gorakoek bereziki baloratu dute.

Udalek ere positibotzat jo dute zerbitzua, Bulego Mugikorraren zerbitzu orokorrak 10etik, 9,3ko puntuazioa lortu baitu. Era berean, toki-erakundeek gehien baloratutako alderdien artean honako hauek aurkitzen dira: bulegoa haien herrira iristea kudeatzeko erraztasuna, enpresa instalatzailearekiko eta NASERTICeko komunikazioa eta bizilagunei eskaintzen zaizkien erabilgarritasuna eta arretan. Zerbitzua berriro erabiliko ote luketen galdetuta, erantzuna batez beste 10etik 9,8koa izan da.

Lehen urtea martxan izan eta gero, Bulego Mugikorra funtsezko tresna izatera iritsi da Foru Administrazioarekiko gertutasuna indartzeko, eta Nafarroako hainbat udalerritan barrena jarraituko du 2026an zehar.

Hauek izan dira Bulego Mugikorrak lehen urtean bisitatu dituen herriak

Bulego Mugikorrak lehen urtean bisitatu dituen herrien artean, honako hauek daude: Aibar / Oibar, Ablitas, Izaga Elkartea (Urroz), Aoiz / Agoitz, Allo, Altsasu / Alsasua, Arguedas, Aribe, Beintza-Labaien, Berriozar, Berrioplano / Berriobeiti, Cascante, Cáseda, Castejón, Cendea de Cizur, Cintruénigo, Corella, Cortes, Ezcabarte, Ezcároz / Ezkaroze, Ezkurra, Eslava, Erro, Fitero, Galar, Gallués / Galoze, Goizueta, Guesálaz / Gesalatz, Isaba / Izaba, Jaurrieta, Larraga, Leitza, Lerín, Lodosa, Los Arcos, Milagro, Murchante, Murillo el Cuende (Concejo de Rada), Murillo el Fruto, Ochagavía / Otsagabia, Olazti / Olazagutía, Olite / Erriberri, Peralta / Azkoien, Petilla de Aragón, Ribaforada, Roncal / Erronkari, Sada, Salinas de Oro / Jaitz, San Martín de Unx, Sangüesa / Zangoza, Santesteban / Doneztebe, Tafalla, Unzué / Untzue, Valle de Aranguren, Valle de Yerri / Deierri, Valle Ultzama, Valtierra, Viana, Villafranca eta Villava / Atarrabia.

Volver al listado

Revista mendixut

Suscríbete | Harpidetu

Si todavía no eres suscriptor/a de la revista, hazlo ahora
y tendrás acceso a todos los números de la revista en PDF.

Aquí | Hemen