Aurizberriko Edurne Erreak 18 urterekin hasi zituen magisteritza eta musika ikasketak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan. Urte batzuk geroago, sexologian trebatu zen Madrilen (Sexpol eskolan) eta Bilbon (Biko Arloaken), sexologia ikasketak eta terapia sexologikoan espezializatuz. Urte luzez eskolan eta musikan aritu ondoren, gaur egun sexualitateari lotutako tailerrak ematen eta laguntza-prozesuak gidatzen ditu, helduekin zein gazteekin. Mendixutetik hitz egin dugu berarekin.
Zer da Lapiko Sexologia?
Nire ibilbide profesional eta pertsonalak ekarri nau proiektu honetara: urte luzez hezkuntzan aritu naiz, eta aldi berean gorputzari lotutako lanketa pertsonala egin dut. Hortik sortutako jakinminak sexologiara hurbildu ninduen, eta jasotakoa partekatzeko sortu zen Lapiko Sexologia. Hasieran, Lapikok nahasketa, erritmoa, goxotasuna eta magia iradokitzen zituen. Orain, proiektua profesionalizatu da eta itxura berria hartzen ari da, XENE izenarekin.
Zerk eraman zintuen sexologiaren munduan murgiltzera?
Sexologia ikasten hasi nintzenetik, jendea bere kezkekin hurbiltzen zitzaidala ikusi nuen. Niretzat diziplina hau ere sendagarria izan da, batez ere gorputzarekin lotutako beste arlo batzuekin uztartzean. Laguntzeko zerbait nuela jabetzean, tailerrak sortzen hasi nintzen; lehenengoa Aurizberrin eta Auritzeko eskoletan izan zen, gaizki-ulertu baten ondorioz sortutako esperientzia oso polita.
Zer eskaintzen du Xenek?
Proiektuak hiru ardatz nagusi ditu. Alde batetik, eskola tailerrak, sexualitatearen inguruko formakuntza haur eta nerabeendako, baita haien inguruko helduendako ere (guraso, irakasle…). Bestetik, terapia sexologikoa, banaka edo bikotean, non lantzen diren bai norberaren bizipenak eta erotika, bai zailtasun zehatzak eta bikote harremaneko gaiak (komunikazioa, botere-lan karga desorekak, seme-alaben heziketa sexuala…). Azkenik, helduentzako tailer esperientzialak, non sexualitateari buruzko ezagutzak gorputzaren eta esperientziaren bidez lantzen diren.
Nola definituko zenuke sexualitatea?
Kaleko hizkeran ‘sexua’ askotan erotikara mugatzen da, baina kontzeptu sexologikotik gure izatearen dimentsio zabala da, jaiotzetik heriotzaraino. Identitatea, harremanak, gorputza, janzkera, gustuak eta desirak barne hartzen ditu, eta sexualitatea hori guztia bizitzeko modua da. Izan ere, gure existentziaren oinarrizko zutabe bat da. Garrantzitsua den arren, askotan tabu da; hala ere, norbera ezagutzea, gorputza eta harremanak lantzea bizi-kalitatea hobetzeko eta indarkeria prebenitzeko giltza izan daiteke.
Maiatzean, Pirinioan tailerrak eginen dituzue (apuntatzeko 621287934). Zer gai landuko dituzue?
Auñamendi Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin elkarlanean, 8-11 eta 12-16 urteko haur eta nerabeentzako tailerrak egingo dira Aezkoan eta Erroibarren, maiatzeko azken 3 asteetan, Jabi Arana eta biok emanda
8-10 laguneko talde txikietan lan eginen da, konfidantza eta intimitatea bermatzeko. Tailerretan jolasak eta konfiantza ariketak egingo dira, eta eduki sexologikoak landuko dira: nerabezaroko gorputz aldaketak, intimitatea, desirak eta mugak. Nagusienekin, gainera, harremanak, ligoteoa eta LGTBI gaia ere jorratuko dira, giro goxoan eta haien kezkak entzunez.
Eta zein dira sortzen zaizkien kezkak?
Adin tarte zabala lantzen dugu. Normalean, haurrek jakinmin gehiago dute kezka baino (nolakoa den gorputza, zer gertatzen den genitaletan, norekin hitz egin dezakegun…). Nerabezaroan, berriz, galderak sakonagoak dira, harremanei, gorputzari eta identitateari buruz (nola egin norbait gustuko baduzu? Nola jakinen dut gay naizen ala ez? Depilatzea inportantea da norbaiten gustuko izateko? Nola follatzen da?). Garrantzitsua da horretarako espazio seguruak izatea.
Orain arte egindako tailerrek erakusten dute gai batzuetan aurrerapenak egin direla (berdintasuna, aniztasuna…), Pirinioan ere, eta ikasitakoak galderak egiteko eta jakinmina pizteko aukera ematen diela gazteei. Horregatik, funtsezkoa da erreferentzia eta laguntza eskainiko duen norbait izatea, beharra handia delako.
Nola izan behar da guraso edo familien jarrera?
Esperientziak erakusten diguna da gizartean sexua gai tabua dela, eta estigma hori kentzen saiatu arren estigmaren tamainakoa da hori hausteko lana. Zein ederra izanen zen familia giroan halako kezkak, ezinegonak, jakinminak asetu ahal izatea; eta gehienetan ez da erreza, helduondako ere gai konplexua delako. Norberak bere buruarekin ahalik eta jarrerarik zintzoena edukitzea da gakoa, eta gurasoek zailtasunak badituzte, eurek ere lan polita egin dezakete egoera probestuz.
Jende askori sexuaren gaiak nolabaiteko “errezeloa” sortzen dio, ezta?
Pirinioa eremu zaila da horretarako; zonalde honetan hau edo heziketarekin zerikusia duenak harrera ona eduki du, helduon sexualitateaz aritzeari zailtasun gehiago aurkitzen diot, nahiz eta gure gogoeta sekretutxoan kezka mordoa ditugun. Hala ere, azken aldian, jende ezberdinaren eskutik gaia mahai gainean jartzen ari da, eta hori oso berri ona da hautsa kentzen lagunduko digulako.
Zer da gehien gustatzen zaizuna zure proiektutik?
Proiektua izugarri gustatzen zait, badira esparru batzuk non aunitz gozatzen dudan. Gehien gustatzen zaidana uste dut etengabe jakinminarekin kontaktuan egotea dela, zaurgarri egiten gaituen kapa hori hartu eta elkarrekin moldeatzea. Gure kezkak, jakinminak eta zailtasunak elkarrekin lantzea, bai tailerretan bai terapian, sormenezko ariketa polita da, eta pribilegiatua sentitzen naiz jendeak ate hori irekitzen didaean elkarrekin lan egiteko.
Azkenik, nola jar daiteke zurekin harremanetan?
Nirekin harremanetan jartzeko moduak hauek dira: xene.eus webgunea, @xene_sexologia Instagram kontua, edurne.errea.nuno@gmail.com helbide elektronikoa eta 628 058 545 telefono zenbakia. Eta, jakina, kalean barna elkar ikusten badugu ere.

