Artzibarko Jauregiaren ingurua irisgarritasuna eta kontserbazioa hobetzeko lan berri baten xede izango da. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak lizitaziora atera ditu Artzibarko Jauregiaren ondoko sakan bateko erreka berreskuratzeko lanak —Muniainetik jaisten dena eta Urrobi ibaian isurtzen dena— eta gune hori Ermitañoaren Etxearekin lotuko duen oinezkoentzako pasabide bat eraikitzekoak.
63.455 euroko aurrekontua duen proiektuak sakaneko erreka berreskuratzea aurreikusten du; izan ere, denboraren poderioz haren bidea murriztu egin da, sedimentuen pilaketaren eta animalien zein ibilgailuen joan-etorrien eraginez. Egoera horren ondorioz, ohiko euriteetan ere urak gainezka egiten du eta jauregiaren beheko solairua zein kanpoko plaza bezalako eremuak urez betetzen dira.
Arazo hori konpontzeko eta bisitarien esperientzia hobetzeko, 7,5 metro luzeko eta 2,7 metro zabaleko oinezkoentzako pasabide bat eraikiko da, ubidea zeharkatzeko aukera emanen duena. Azpiegitura horrek bi eraikinen arteko lotura zuzena erraztuko du, eta Ermitañoaren Etxearen garrantzia indartuko du inguruko turismo-informazio gune gisa.
Jarduketa hau XVI. mendeko multzo historiko honi eta Artzi-Nagoreko aisialdi eremuari balioa emateko estrategiaren barruan kokatzen da, tokiko garapena sustatu eta bisitariak erakartzeko helburuarekin.
Esku-hartze honen bidez, Artzibarrek aurrera egiten du bere ondarea berreskuratu eta hobetzeko bidean, irisgarriagoa, seguruagoa eta bisitariak hartzeko hobeki prestaturik dagoen ingurune baten alde eginez.

