“Erreka baten bazterrean,
kitar hotsak haizean hedatuz
suaren argitasunean itzal gera
gurekin ez daudenen antzera”
Urtzen hitz hauek ditut dantzan buruan.
Dantzan ditut pentsamendu eta oroitzapenak.
Dantzan amorrua eta tristura.
Dantzan malkoak.
Dantzan mina.
Elkarrekin denak.
Batzuetan erritmorik gabeko musikari jarraiki. Deskribaezina zaidan kaosa sortuz.
Beldurgarri eta iluna. Besteetan modu akonpasatu eta armonikoan guztiak. Txukun eta ordenatuta.
Joan eta etortzen zait musika, joan eta etorri dantza. Etengabe.
Eta dantzaren erdian zu.
Zure begirada. Zure irria.
Zu.
Dantzaldiak noiz arte iraungo duen galdetzen diot nire buruari. Erantzun baten beharra sentitzen dut, bai; baina erantzunik ez.
Ona omen da dantza egitea. Sendagai ezin hobetzat hartu da. Beharko dugu.
Egin dezagun ba dantza. Norberak jarrai diezaiola bere barruko musikari eta ekin.
Egin dezagun Bizitzarekin dantza.
(Aitziber Ganuza)