Aezkoako bedratzi taupaden amaiera

15/12/2021

Aezkoako bedratzi taupaden amaiera

Uda osoan zehar jarduerak antolatu ditu Aezkoa Kultur Ekimenak herriz herri, Aezkoako Bedratzi Taupadak izenburupean. Antzerkiak, Musika, Aurkezpenak,… denetarik izan dute egitarau oparo baten barnean.
Honi amaiera emateko, pasa den azaroaren 6an Aezkoako Bedratzi Taupaden Azkena ospatu zuten Garraldan, egun osoko egitaraua bat zela medio. Eguraldia fresko ematen bazuen ere, euririk ez zen egunean bertan somatu eta goiz goizetik hasi zen giroa berotzen. Eguerdian Irunberriko gaiteroen laguntzarekin eman zitzaion hasiera poteoari. Herriko kaleetan zehar musika entzuten hasi bezain pronto gerturatzen hasi zen jendea.
Poteoa Garraldako pistetan amaitu eta ekitaldi zentralarekin eman zitzaion jarraipena. Bertan, Imanol Ubauk eta Jaione Etxabarrik eman zioten bide Aezkoa Kultur Elkarteak prestatutako hitzartzeari. Hitzartze honek, txalaparta eta Pello Zabaltzaren musikaz atondu zuten.
Ekitaldiaren ostean, bazkari herrikoia izan zen, zeinetan 130 aetz hartu zuten parte. Arkume eta txerrikume artean giro goxoan igaro zen bazkaria. Bazkariaren amaieran gazte dastaketa lehiaketa batek hartu zuen tokia eta zenbait sari banatu ziren bertan.
Bazkaria, luze joan zen arren, aetzen motoreak musikaren beharra zuen eta horretarako aurreikusita zeuden bi kontzertu. Taula gainean aritu ziren Diraki eta Sustrai Berriak taldeak. Lehenengoek etxean jokatzen zuten beren lehen partida, gutxi barru estreinatuko duten haien lana gogoz aurkezten eta horrek eman zion hasiera gaueko giroari. Ondoren, Iruñerriko Sustrai Berriak taldea ibili zen euren abestiak defendatzen eta ederki asko borobildu zuten euren jarduna. Kontzertuak amaitzean jendeak ez zuen etxera joateko asmorik, gutxi iruditu zitzaien, musika eta erritmo gosez ziren eta goizeko ordu txikiak arte Garraldako pistetan iraun zuen ez-ohiko Aezkoako Egun honek.
Datorren urtean behar den bezala ea ospatzerik izanen den izan zen jende gehienaren nahia.
 

Volver al listado

Revista mendixut

Suscríbete | Harpidetu

Si todavía no eres suscriptor/a de la revista, hazlo ahora
y tendrás acceso a todos los números de la revista en PDF.

Aquí | Hemen