Pirinioetako ikastetxeetako ikasleek berriz ere sormena eta euskararekiko atxikimendua erakutsi zituzten Mikroipuin Lehiaketaren zortzigarren edizioan eta II. Bideo Lehiaketan. Guztira 155 parte-hartzaile izan ziren aurtengo edizioan.
Lehiaketaren helburua gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzea da, bai idatzizko kontakizunen bidez, bai ikus-entzunezko lanen bidez. Lehiaketaren oinarrietan jasotzen zenez, mikroipuinak euskaraz eta gehienez 100 hitzekoak izan ziren, eta bideoek euskarazko audioa eta 1-2 minutuko iraupena izan zuten.
Mikroipuin lehiaketan hainbat mailatan banatu ziren sariak, pasa den maiatzaren 8an Erronkarin. LH 3-4 kategorian, lehen saria Inar Hualde Algarrarentzat izan zen, Camille hartza lanarekin, Otsagabiako eskolatik. Bigarren saria, berriz, Maciek Aldaz Rodochonskak jaso zuen, Ez fondo ez alpino mikroipuinagatik, Erronkariko eskolatik.
LH 5-6 kategorian, Maioa Uriz Gomezek irabazi zuen lehen saria Nire bizitzako istorio zati bat lanarekin, eta Aimar Mandacen Vicentek bigarrena Nire bizitzako momenturik okerrena ipuinarekin; biak Garraldako eskolako ikasleak dira.
DBH 1 mailan, Oihan Echeverria Almirantearenak lortu zuen lehen saria Lagun on artean ez da beharrezkoa hizkuntza lanarekin, eta Iunai Jauregi Ubedak bigarrena Haziaren ametsa ipuinarekin.
DBH 3 mailan, Jon Gazpio Eseverrik irabazi zuen lehen saria Loreak mikroipuinarekin, Otsagabiako eskolatik, eta Larraitz Zabalza Ubauk bigarrena Batasunaren indarra lanarekin, Garraldako eskolatik.
Bideo lehiaketari dagokionez, DBH 2 kategorian, Jone Hualde Etcharren izan zen irabazlea Nire zeruko argia lanari esker, eta Goiuri Ropero Erdozainek bigarren saria eskuratu zuen Musika ipuinarekin, biak Garraldako eskolako ikasleak dira.
Azkenik, DBH 4 kategorian, Eukene Ancho Retak lehen saria jaso zuen Isiltasunaren olerkia lanarekin, eta Maren Eciolaza Baztanek bigarrena Mundu hautsia ipuinarekin, biak ere Garraldako eskolako ikasleak dira.
Antolatzaileek parte-hartzaile guztien lana eta inplikazioa nabarmendu zituzten, eta gazteen artean euskaraz sortzeko gogoa bizirik dagoela azpimarratu zuten.

