Banner
Banner
Banner
Banner
Banner
Banner castellano
tel. 948 890565
info@mendixut.com
NafarPres
AZALA BERRIAK IRUDIETAN BIDEOAK JENDEA IPARRALDE ERREZETAK ESTEKAK
  / lehen orria
Email Facebook Twitter Delicious Meneame Digg Technorati

/ (2005/12/01)
Mikel Zabalza, Hogei urte atzera, hogei urte aurrera

Hurrengo abenduaren 15ean Mikel Zabalzaren heriotzaren 20. urteurrena betetzen da eta Orbaizeta herriak, familiak eta lagunek omenaldia egingo diote.MENDIXUT zenbaki honetan heriotza honen memoria historikoa egingo dugu, hogei urte ondoren argitu gabe jarraitzen du, familiarekin hitz egin dugu gertaera hau nola bizi zuten jakiteko.
Miguel Mari Zabalza, etxean deitzen zioten horrela, 32 urte zituen eta Donostian bizi zen, autobus gidaria zen.1985.eko azaroaren 25ean, egunsentian, atxilotu zuten. Familiak ez zuen gehiago ikusi bizirik. Hogei egun geroago, abenduaren 15ean, Bidasoa ibaian itota agertu zen. Gertaera honek gizartea hunkitu zuen, oso egun gogorrak izan ziren, batez ere bere jaioterrian, Orbaizetan.

Berarekin batera beste sei pertsona atxilotu zituzten: Orbaizetan bi anaiak, Aitor eta Patxi; Donostian eta beste herrietan bere neskalaguna, Idoia Aierbe, eta Jon Arretxe, Victor M. Mdiavilla eta Manuel Bizkai. Hemeroteka zehatz-mehatz birpasatzen bada irakur dezakegu Mikeli leporatzen diotela ETAri mugalari zerbitzatzea. Guztiak kargurik gabe aske utzi zituzten. Aitor eta Patxi egun gutxiren buruan, eta gainontzekoak egun batzuk geroago. Torturak salatu zituzten, Idoiak Mikel poltsa batekin buruan ikusi zuela esan zuen, eta ondoren “oso gaizki zegoela” esanez eraman zutela eskuohe batean. Atxiloturen batek inkomunikazio garaian oihu etsiak entzun zituela ziurtatu zuen.

Berri txarrak, bata bestearen atzetik
Azaroaren 26an Aitor eta Patxi etxera itzuli zirenean, familiak ez zekien Mikel atxilotu zutela. Baina berri txarrak berehala heldu ziren. Idoiaren, neskalagunaren, familiarekin harremanetan jarri ziren gurasoekin bizi baitzen. Ezagutu zutenean bera ere atxilotu zutela, Mikel Intxaurrondoko koartelan (Gipuzkoan) egongo zela suposatu zuten. Baina orduan berria atera zen, gaur egun ere bertsio ofizial bakarra, Zabalzak esposatua ihes egin zuen Guardia Zibilak Endarlazara zulo bat topatzera eraman zuenean.
Hogei egun pasatu ziren gorpua agertu zen arte. Egun hauetan, “Intxaurrondoko Guardia Zibilaren koordinakunde” baten izenean Bartzelonako bi egunkariek deiak jaso zituzten, hauek Mikel Zabalza torturatua hil zutela baieztatzen zuten. Egun batzuk geroago, Deia egunkariak antzeko abisua ere jaso zuen. Asanbladak, protestak, manifestazioak … orokorrak izan ziren Euskal Herri osoan, eta erakunde eta politikari asko izan ziren “ihesa” zalantzan jarriz gai honi buruz aritu zirenak. Bitartean, familiak Donostiako Instrukzio Epaitegian bere desagerpenaren salaketa jarri zuen. Bere anaia eta semearen informazioaren bila ate guztietan jo zituzten, baina ez zuten erantzunik lortu. Intxaurrondon, adibidez, “galdutako objektuetan bilatzera joatea” esan zieten.
Egun horietan, Aezkoa eta eskualdea pil-pilean zegoen: udalek ezohiko sesioak ospatzen zituzten, Orbaizetako biztanleek Guardia Zibilaren presentzia itogarria salatzen zuten eta ETBren errepikagailuaren eraispena …Zabalzaren lagunek eta familiak Bidasoaren inguruetan bilatu zuten, eta Gurutze Gorriko urpekariek abenduaren 12ra arte zintzoki usnatu zuten. Taldearen arduradunak esan zuen: “ezinezkoa da Mikel Zabalzaren gorpua ibaian egotea”.
Hala ere, egun batzuen buruan, abenduaren 15ean, Jose Barrionuevo Barne Ministroak Zabalza agertuko zela ziur zegoela deklaratu ondoren, bilatutako Bidasoa ibaiko zonalde batean gorpua aurkitu zuten. Kaleko eta herrietako erantzuna berehala entzun zen. Ofizialki, ihes egin zuen eta gero ibaian ito zen. Baina bertsioa bertan gelditu zen, inork ez zuen sinetsi. PSOEk, momentu horretan Madril Gobernuko indar nagusiak, EAEko Gobernuan kide zeukan Jose Antonio Ardanzak ere ez zuen tesia sinesten. Adibidez, Jesus Insaustik, PNVko buruak, gorpua aurreko egunean leku horretan jarri zutenaren informazioa jaso zuela esan zuen.
Hemendik aurrera familia konturatu zen egia inoiz ez zela jakingo. Arantxak, bere arrebak, MENDIXUTari gogoratzen dio “ahal izan genuen guztia egin genuen, baina ezinezkoa da jarri ziguten harresi hau zeharkatzea. Uste dut inoiz ez dugula jakingo benetan zer gertatu zen, baina ‘bertsio ofiziala’ inork ez du sinesten, eta ondorengo gertakizunek egia ez dela demostratu dute”.
Familiak Dinamarkako forense batek, Amnistía Internacionalaren bitartez lortutako kontaktuak, bere heriotza ikertzea nahi zuen, baina ez zioten bere lana egiten utzi. Gainera, Karin Helwg-Larsenek, horrela zuen izena, Zabalzari egindako autopsia ezin zela ontzat hartu esan zuen.

Bertsio bat, zalantza asko
Ondoren gertakari honen inguruan berri asko argitaratu dira. Egin egunkarian, adibidez, Mikel Zabalza torturatu zuten Guardia Zibilei eskua joan zitzaiela ziurtatu zuten. Izen eta abizenak eta guzti eman zituzten, eta Bidasoako ibaiaren ura injektatu ziotela esan zuten. Beste komunikabideek, adibidez El Mundok edo telebista kateren batek ere bertsio ofiziala ezeztatzen zuten datuak eman zituzten.
Atxilotu aurretik, Mikelek apendizitis ebakuntza izan zuen eta izandako zailtasun batengatik ez zegoen bera zen bezain indartsu. Horregatik, anaiek eta lagunek pentsatu zuten Mikeli egin bazioten haiei egindako berdina, hark ezin izango zuela jasan. Familiak gogoratzen du Miguel Marik etxean egon zela patatak biltzen eta ezin zuela anaien erritmoa jarraitu. MENDIXUTek Arantxarekin, Mikelen arrebarekin, hitz egin zuen. Honek dio pertsona alaia zela, ez oso berbati, baina bai herrian eta etxean ahal zuen heinean laguntzeko prest zegoela. Bederatzi anai-arreben nagusia zen, beraz, ikasketak behin bukatuta lanean hasi zen. Hasteko etxean artzain, gainontzeko anaien laguntzarekin eta ondoren, alboko herrietan. Gogoratzen du, anaiak festetara irteten hasi zirenean, Mikelek “parrandatalde” batekin joan behar zuela. Bere ahotik hartzaren existentzia ezagutu zuten, Iratin egurrarekin lanean zegoenean birritan ikusi zuela kontatu zuen. Lesakan suhiltzaile lan egin zuen eta kamioi gidaria ere izan zen. Hil zenean, 32 urteekin, autobus gidaria zen Donostian. Ahal zuen bakoitzean ihesaldiak egiten zituen Orbaizetara, baina honezkero festan ibiltzea ez zuen hain gustukoa. Etxean sutondoan guraso eta anai-arrebekin gelditzea nahiago zuen, hitz egiten eta zergatik ez, etxeko gazta jaten.

Kasualitatearen fruitua
Bere heriotza kolpe gogorra izan zen etxean, “gainditu ezin den gauza da, minarekin bizitzen ikasten duzu”. Arantxak gurasoen heriotza mingarria dela ziurtatzen du, baina naturala da eta alde ona aurki dezakezu “ez zuen sufritu, alai bizi izan zen …”. Hala ere, honetan “ez dago alde ona, ez da aringarririk existitzen. Atxiloketa gertatu zenean bazegoen jendeak zerbait egin zuela pentsatu zuena, baina gorpua agertu zenean inork ez zuen ulertu.
Ez zuen ezer egin, ez berak ez gainontzeko atxilotuek ere, baina hark zorte txarra izan zuen eta gaur ezin du kontatu. Mikelek ez zegoen inongo partiduan eta bakarrik sindikatu batean zegoen afiliatua, baina berez ez zuen politikan parte hartzen.
Etxean ez dute gaia ezkutatzen, “berriren bat daukagunean horri buruz hitz egiten dugu, baina ez dauka zentzurik behin eta berriz sufritu genuena gogoratzea”. Familia guztietan bezala, bakoitzak bere izaera dauka eta mina eramateko era. Etxe honetan, batez ere ondoko hilabetetan, aurrera egitea oso gogorra egin zitzaigun: tentsio handia zegoen (Guardia Zibilak senide bat hirutan gelditu zuen etxetik, Armaolatik, Orbaizeta herrirako bidean) eta beldur handia ere.
Denbora aurrera doa, eta Arantxak dio “ nahiz eta inoiz gaindituko ez duzun zerbait dela pentsatu, sufritzen duzu eta aurrera jarraitzen duzu. Gorputzak uste dugun baino gehiago jasaten du.” Etxe honetan, gaur egun, guztiek oso loturik jarraitzen dute, jaiotzen eta hazten ikusi zuen lekua, Armaola, noizbehinka bisitatzen dute.
Momentu horretan, Orbaizetako eta beste lekuetako jendearen berotasuna sentitu zuten, gutun asko bidali zituzten. “Hileta egunean ikaragarria izan zen, ez dakit zenbat kotxe pasa ziren etxe aurretik. Geneukan mina eduki arren, bihotzez eskertu genuen”, gogoratzen du Arantxak. Gertakari beldurgarri honek lagun onak utzi zituen: denbora luzean, Iruñeako lau pertsona hilero amarekin hitz egitera etxera etortzen ziren, animoak ematera, etxe honetan “Iruñeko gure lau lagunak” deitzen zaie. Mehatxuak egon ziren, eta ez bakarrik haiei. Auzoko bat baino gehiagok larderiak jaso zituzten eta guztiek hilabetez errepide kontrolak jasan zituzten.
Gaur egun jendearen berotasuna eta solidaritatea sentitzen jarraitzen dute, benetan eskertzen dutena, honek Mikelez eta bere heriotzaz ahaztu ez direla esan nahi duelako.
Hala ere, Zabalza familiak gertaera horrekin bukatzeko lagunduko dien erantzuna ez daukate, bukatutzat emateko, behintzat epaitegietan. Gaur egun ere egiaren esperoan dira, nahiz eta, 20 urte ondoren, oraindik Mikel heriotzaren inguruan justizia ez egon.

Kasua epaitegietan
Hogei urte hauetan, kasua eraman duten epaile asko egon dira. Eta familiak dioen bezala, sentsibilitatearen, nahien eta egia aurkitu nahi zutenen arabera kasuak aurrerapausoak egin ditu edo geldirik geratu da. Baina orokorrean, familiak galtzen atera dela eta beharbada inoiz egia jakingo ez dela sentitzen du. Dena den, urteetan zehar ezagutu diren deklarazioei esker bertsio ofiziala bertan behera gelditu dela badakite. Kronologikoki Zabalza kasuaren epaiketan momentu esanguratsuenak hauek dira: Azaroaren 29an familia Donostiako Instrukzio Epaitegira joan zen Mikelen desagerpena salatzera. Francisco Ríosek, Donostiako 1.Epaitegiko titularrak, Mikelek esposatua igeri egin ahal izana zalantzan jarri zuen, Rodriguez Galindori galdeketa egin nahi zion, Intxaurrondoko arduradun nagusiari, kasutik kendu zuten eta Andaluziara eraman zuten.
1988.eko uztailean, Donostiako Auzitegiak Mikel Zabalzaren desagerpenaren eta heriotzaren irekitako diligentzien behin betiko artxiboa adostu zuen.
1995.ean berrireki zen kasua, eta handik aurrera kasuari datu gehiago eman dituzten bi dokumentu garrantzitsu agertu dira: alde batetik, Vicente Soriarekin (Intxaurrondorekin zerikusia duen pertsona) ‘El Mundo’-n egindako elkarrizketa, eta beste aldetik produktore batek GALi buruzko dokumentalean Gomez Nietok (Estatuko aparatuen partaidea) egindako deklarazioak, telebistan inoiz ikusi ez direnak. Biek Mikel Zabalza torturen bitartez hil zutela baieztatzen dute. Hala ere, familiak urteetan zehar gertatzen ari denaren aurrean bere ezintasuna erakusten du: epaileak proba berria onartzen duen bakoitzean, diligentzia berriak hasten dira. Beti Intxaurrondorekin harremanak dituzten pertsonen deklarazioekin bertsio ofizialera itzultzen bukatzen da, behin eta berriz errepikatzen inork inoiz sinetsi ez duen bertsioa.



Banner
Banner
Banner
 
 
MENDIXUT Iribarren, 31 bajo. 31680 Otsagabia. 948 89 05 65. info@mendixut.com - Skype: mendixut