Oihane Garmendiak Bi aldiz iraun’ poema-liburua aurkeztu zuen Urzainkin

18/04/2024

Oihane Garmendiak Bi aldiz iraun’ poema-liburua aurkeztu zuen Urzainkin

Pasa den martxoaren 28an Oihane Zuberoa Garmendia Glaríak Bi aldiz iraun poema-liburua aurkeztu zuen Urzainkiko udaletxean, Uskararen Egunerako antolatutako ekitaldien barnean. Erronkariar idazle honen bigarren poema liburua da, aurretik, 2020an, Bidaia (h)ariketak argitaratu baitzuen, urte berean Iruña Hiria Saria irabazi ostean. Bi aldiz iraun liburua 2023ko urriaren 16an kaleratu zuen. Memoria eta denbora pasa izan dira liburuko ia 80 poemetan jaso nahi izan dituen gaiak.
Lau ataletan banatuta dago, horietako bakoitza urteko sasoi eta fruta banari esleituta dagoelarik. Udazkenak hasiera ematen dio liburuari, irasagarrarekin. Atal honek udazken zaporeko poemak biltzen ditu eta sasoi honetan jaten diren frutak agertzen dira, hala nola, irasagarra, gaztainak eta intxaurrak. Hurrengo kapituluan negua dator, granadaren inguruko poema zatiekin, neguko hotza islatuz. Udazken eta neguko poemek iluntasuna irudikatzen dutela adierazi zuen Garmendiak, “esperientzia mingarri edo pertsonaletatik” sortutako poemak baitira. Udaberria basagereziekin irudikatuta dago, eta, udara, mugurdiekin. “Azken bi hauetan umore gehiago dago, poemak ere laburragoak dira, eta beste alaitasun bat nabaritzen da”, gaineratu zuen.
Informazio iturriei dagokienez, oro har, hiru izan direla azaldu zuen. Lehenik eta behin, irakasle zela, psikologiako klaseak ematen zituen garai batean. Memoriaren gaia lantzen zuten, eta hor hasi zen memoriari buruzko hausnarketak eta poema txikiak sortzen. Ondoren, bizipen pertsonalek garrantzia handia ere izan dutela esplikatu zuen, bereziki joandakoek utzitako hutsuneak eta pertsona horiek nola gogoratzen dituen kontua. Amaitzeko, bere amonaren esperientzia ere jaso du, oroimenaren eta hitzaren pixkanakako galera nolakoa den, alegia. Modu honetan, hainbat poemek erakusten dute nola oroimena denboraren poderioz desagertzen den eta oroitzapenak gure bizitzaren lekuko bihurtzen diren.
Egileak irakurleen esku uzten du liburutik jasotzen duten mezua. Bere esanetan, poema bakoitza esperientzia paregabea eta intimoa da, bai egilearentzat, baita irakurlearentzat ere: “Idazterakoan asmo jakin batzuk nituen arren, behin poemak argitaratuak daudenean irakurlearenak dira, eta norberak bere esperientzietatik eta aurretiko irakurketetatik interpretatzen ditu”. Dena den, aitortzen du liburua irakurri duten askok tonuagatik eta idazteko moduagatik “oso gertukoa” sentitu dutela jakinarazi diotela. Estiloaren aldetik liburuko poemak ez dira luzeak edo emankizun korapilatsuak, baizik eta hizkera nahiko soilean idatzita daudenak, mezua zuzenean iritsi eta erraz uler dadin.
Lehenengo liburuarekin egin zuen antzera, bigarren hau ere Erronkari Ibarrean aurkeztu nahi zuen: “Niretzat bailara inspirazio handia da, eta ez badut hemen aurkezten sentitzen dut ez dela zati batera iritsiko. Gainera, oso harrera ona izaten dut”, adierazi zuen idazleak. Iruñean eta Erronkaribarrean izaten duen publikoaren profila aski desberdina da. Iruñean, poesian aditu edo behintzat poesiaren mundua gertutik ezagutzen duen jendea izaten du entzule. Erronkaribarrean, ordea, normalean poesiari buruz entzungo ez luketen pertsonak gerturatzen direla aitortu zuen: “Adibidez, gure gurasoen belaunaldikoek euskaraz ulertzen dute baina ez dira euskaraz soberan trebatu. Hala ere, aurkezpenera gerturatzen dira eta gauzak harrapatzen dituzte. Oso polita iruditzen zait, eta jende pilo gerturatzen da”. Urzainkiko aurkezpenean, gainera, Peio Ardaizek bertso batzuk bota zituen liburuaren harira.
Idazlea bera
Filosofiako ikasketak burutu dituen arren, txikitatik datorkio poesiarekiko harremana: “Oso txikitatik hasi nintzen poemak idazten, garai batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, baina beti egon naiz koadernoa poltsan sartuta idazten. Eskola garaian, Nafarroako Eskolarteko lehiaketaren batean edo bestean aurkeztu eta irabazle suertatu nintzen. Askotan, kanpoko estimuluak oso garrantzitsuak dira eta nire kasuan horrela izan zen”, adierazi zuen erronkariarrak.
Idazle gisa aurrerapausoak eman ditu bi liburuen artean. Bigarren liburuaren idazketa-prozesuan, “kontzienteago” izan da burutzen ari zen lanaz, ulermenaren aldetik irakurlea presenteago izan baitu. “Lehenengoan, ordea, berez niretzako poemak ziren eta azkenean liburu forma eman nien”, azaldu zuen. Estilo aldetik ildo berbera jarraitu du: poema laburrak, literatura eta pentsamendua uztartuz. Tartean, irakurketa eta berrikuspen asko, liburuko frutak bezala “onduago” egotea ahalbidetu diotenak.
 

Volver al listado

Revista mendixut

Suscríbete | Harpidetu

Si todavía no eres suscriptor/a de la revista, hazlo ahora
y tendrás acceso a todos los números de la revista en PDF.

Aquí | Hemen